Edukira joan

Katherine Mansfield

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Katherine Mansfield

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakKathleen Mansfield Beauchamp
JaiotzaWellington1888ko urriaren 14a
Herrialdea Zeelanda Berria
HeriotzaAvon1923ko urtarrilaren 9a (34 urte)
Hobiratze lekuaAvon Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Familia
AitaHarold Beauchamp
AmaAnnie Burnell Beauchamp
Ezkontidea(k)John Middleton Murry (en) Itzuli  (1918 -  1923)
Bikotekidea(k)
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaWellington Girls' College (en) Itzuli
Queen's College London (en) Itzuli
Hizkuntzakkatalana
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, eguneroko-idazlea, poeta eta prosalaria
MugimenduaLiteratura modernista
Izengoitia(k)Katherine Mansfield
Genero artistikoamodernismoa
Musika instrumentuatxeloa

katherinemansfield.com
IMDB: nm1944195 Musicbrainz: 1f4307d1-2767-4e9e-acae-09ce0993d928 Discogs: 1195155 Find a Grave: 7142 Edit the value on Wikidata

Katherine Mansfield Beauchamp Murry (Wellington, 1888ko urriaren 14a - Fontainebleau, 1923ko urtarrilaren 9a), Katherine Mansfield izengoitiz ezaguna, Zeelanda Berrian jaiotako idazle britainiar modernista nabarmena izan zen. Batez ere ipuinei esker da Mansfield ezaguna. Bizitza sentimental gorabeheratsua izan zuen eta 34 urte zeuzkala hil zen tuberkulosiak jota.

Katherine Mansfield-en sorlekua, Thorndon, Wellington.

Kathleen Bowden Murray, jaiotza izenez Kathleen Beauchamp, 1888ko urriaren 14an jaio zen Wellingtonen (Zeelanda Berria), jatorri kolonialeko eta maila sozial altuko familia batean. Bera baino zaharragoak ziren bi ahizpa izan zituen eta anaia gazteago bat[1]. 1902an, hamalau urte zeuzkala, Londresera joan zen ikasketak burutzera bere bi ahizpekin batera. Bertan, institutura joateaz gain, eskolako aldizkarian idatzi zuen eta biolontxelo-eskolak jaso zituen. Orduan egin zuen bere neska-lagun, eta gerora, maitale bihurtuko zenaren ezaguera: Ida Baker. Baina ikasketak amaitu bezain azkar gurasoek Wellingtonera itzultzeko agindu zioten. Itzuli orduko damutu zen baina, ez baitzuen gustuko Wellingtoneko bizitza, probintzianoa eta mundu ingelesetik aldenduta zeritzona. 1908an Londresera itzuli zen, oraingoan betiko.

Ordurako biolontxelo-jotzaile ona zen Katherine, eta musikaren arloan profesionalki aritzea zuen amets, baina aitak onartu ez eta inoiz ez zuen errealitate bihurtuko[2]. Berehala, bere garaiko artista asko bezala , bohemio egin zen.

Mutil bat ezagutu zuen, Garnet Trowell, baina harremanak ez zuen aurrera egin Katherine haurdun zegoen arren, mutilaren gurasoak kontra azaldu zirelako. 1909. urtean George Bowdenen ezaguera egin eta harekin ezkondu zen. Berehala utzi zuen Bowden ordea[2]. Ama etorri zitzaion bila eta Bavariako bainuetxe batera eraman zuen berekin. Han abortu natural bat izan eta espero zuen haurra galdu zuen. Nahigabe handia eragin zion horrek. Bavariako egonaldiak arrasto sakona utzi zuen bere idazkeran, han ezagutu zuen Txekhoven obra ere, bere idatzietan eragin nabarmena izango zuena. 1910eko urtarrilean Londresera itzuli zen eta 12 istorio argitaratu zituen The New Age aldizkarian. Ondoren, liburu gisa argitaratu ziren narrazio horiek, In a German pension (1911) izenburupean, baina ez zuen arrakasta handirik erdietsi. Hala eta guztiz ere, Rythym aldizkarira istorio bat bidali zuen, baina John Middleton Murry editoreak baztertu egin zuen, zerbait “ilunagoa” eskatuz. 1911n harreman bat hasi zuten Murryk eta biek, eta 1918an ezkondu egin ziren, baina "orain bai, orain ez" harremana zen, Ida Bakerrekin partekatua. Batzuetan, Murryrekin egoten zen Katherine, beste batzuetan Bakerrekin, eta beste aldi batzuetan denak elkarrekin bizi izan ziren[3]. 1915eko otsailean, Londresera joan zen bere anaia Leslierengana, ofizial bihurtzeko bidean zena. Une zoriontsua izan zen Katherinentzat, baina poztasunak ez zion asko iraun, Leslie urrian hil baitzen frontean.

Anaiaren heriotzak min handia egin zion, eta Zeelanda Berriko haurtzaroko oroitzapenetan murgildu zen, lehen beldurgarria iruditzen zitzaion leku batean. Hala eta guztiz ere, 1916aren hasieran bere garairik emankorrenean sartu zen eta Murryrekin zuen harremanak ere hoberantz egin zuen[2].

Virginia Woolfekin ere izan zuen harremana 1916az gero, batak bestearen lana gertutik jarraituz[4]. Adiskidetasun garrantzizkoa izan zen Mansfieldentzat, baina gorabeheraz betea, grinatsu bezainbatean zorrotz. 1920an elkartu ziren batean, bolada luze bat elkar ikusi gabe egon ondoren, Woolfek hau idatzi zuen bere egunerokoan: «Bakardadeari buruz mintzatu ginen, eta ohartu nintzen neure sentimenduak adierazten zituela, nik sekula entzun gabeak nituen era batean»[5].

1917ko abenduan, tuberkulosia hartu zuen eta Europa osoan zehar bidaiatzen hasi zen gaixotasunarentzako sendabide baten bila. Hala ere, osasun egoerak okerrera egin eta hemorragia handia izan zuen 1918ko martxoan[2].

1918ko negua Ida Bakerrekin batera San Remoko herri batean igaro zuen, Italian, eta Murry haiekin Gabonak igarotzera joan zen. Murry eta bien arteko harremana hotza zen, bananduta bizi baitziren, bata Londresen eta bestea Italian. Italian zegoen bitartean, alargundu berri zen aitaren bisita jaso zuen. Ordutik aurrera, itsu-itsuan ahalegindu zen tuberkulosiarentzako sendabidea aurkitzen, baita ortodoxoak ez ziren metodoak erabiliaz ere.

1920an bere hirugarren liburua argitaratu zuen, Bliss and Other Stories, eta arrakasta handia izan zuen. Bi urte geroago, 1922an argitaratu zuen bere laugarren liburua: Lorategiko festa (The Garden Party). Parisa joan zen, Fontainebleautik hurbil zegoen bainuetxe batera. Murryren bisita jaso zuen bertan 1923ko urtarrilaren 9an. Egun horretan bertan, biriketako bigarren odoljarioa izan eta 34 urterekin hil zen.

The Doves´ Nest (1923, Uso-habia), hil ondoren argitaratua izan zen. Middleton Murryk Mansfielden egunkaria (1927, Journal) eta gutunak (1928, Letters) argitaratu zituen baita ere.

Estiloa eta gaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuin modernoaren sortzaileetakotzat kontsideratua izan da Mansfield, bere obran Anton Txekhovek izan duen eragina nabarmenduz[6]. Gaiei dagokienez, XX. mende hasierako burgesiaren erretratu gordin eta zehatza egiten du bere ipuinetan[7]. Gizakien jokaerak xehe deskribatzeko joera agertzen du[8], detaile txikietan arreta jarriz eta kontatu nahi dituen bizitza-zatiak bikain deskribatuz. Emakumeak dira maiz pertsonaia nagusiak. Anton Garikanok Lorategiko festako hitzaurrean dioenez: “Hori da, azken batean, K.M.-en ardura: giza jokabidearen berri ematea, bere kontraesan eta gordintasunekin, modu poetikoan”[9].

Ipuin bildumak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • In a German Pension (1911).
  • Bliss: and Other Stories (1920).
  • The Garden Party and Other Stories (1922)[10].
  • The Doves' and Other Stories (1923).
  • The Montana Stories (1923).
  • Something Childish (1924).
  • The Journal of Katherine Mansfield (1927, 1954).
  • The Letters of Katherine Mansfield (2 liburuki, 1928–29).
  • The Aloe (1930).
  • The Short Stories of Katherine Mansfield (1937).
  • The Scrapbook of Katherine Mansfield (1939).
  • The Collected Stories of Katherine Mansfield (1945, 1974).
  • Letters to John Middleton Murry, 1913–1922 (1951).
  • The Urewera Notebook (1978).
  • The Critical Writings of Katherine Mansfield (1987).
  • The Collected Letters of Katherine Mansfield (4 liburuki, 1984–96).
  • The Katherine Mansfield Notebooks (2 liburuki, 1997).
  • Poems (1923)
  • Novels and Novelists (1930)
  • Lorategiko festa (The Garden Party and Other Stories), Donostia: elkar, 2011. Itzultzailea: Anton Garikano.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Katherine Mansfield House - Katherine Mansfield - Katherine Mansfield:1888 - 1923. 2008-10-14 (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  2. a b c d Woods, Joanna. (2007-06-08). «Katherine Mansfield, 1888-1923» Kōtare : New Zealand Notes & Queries 7 (1)  doi:10.26686/knznq.v7i1.776. ISSN 1174-6955. (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  3. KATHERINE MANSFIELD: A brief biography - Katherine Mansfield and J M Murry. 2009-01-06 (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  4. «Katherine Mansfield - Lorategiko festa» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  5. Enzunza, Olatz. «Errebeldiaren apologia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  6. «kritiken hemeroteka » Lorategiko festa» kritikak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  7. Berria.eus. «Goiko klasearen erretratu gordina» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  8. «kritiken hemeroteka » Sentiberatasuna detaileetan» kritikak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  9. «Katherine Mansfield - Lorategiko festa» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
  10. «Lorategiko festa» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]